Albisteak

 

Garapen iraunkorrerako Enkaterri@alde21 eskualde bulegoarekin lankidetzan,
Madariaga Dorretxea- Bioaniztasunaren zentroak bisita gidatua antolatu du Karrantzako
Saldueroko hezegunera, datorren otsailaren 5ean, otsailaren 2ko hezeguneen nazioarteko
eguna ospatzeko.

Busturiako Madariaga Dorretik irtengo da autobusa, goizeko 9:00etan, Karrantza aldera,
elizaren alboan dagoen Aldeacueva auzoko aisialdi eremura, hain zuzen, bisita gidatuari
hasiera emateko, 10:30ak aldera. Amador Prieto botanikariak zuzenduko duen bisitak
barne hartzen ditu 6 kilometroko ibilbidea, Saldueroko hezegunera arte, eta Zalama
mendiaren ikuskapena, zohikaztegitik.

Hezegunea aldi batean edo beti urez beteta dagoen lur-azaleko zati bat da, klima
faktoreek baldintzatuta, eta bertan bizi diren izaki bizidunekin erlazioan, etengabe. Ildo
beretik, hainbat kontzeptu aipa genitzake: padurak, zingirak eta zohikaztegiak, edo urak
hartutako azalerak, naturalak edo artifizialak direla ere, behin betikoak edo aldi
batekoak, ur geldiak edo korronte-urak, ur gezak, gatzdunak edo gaziak, itsas urak barne.

Ekintza 9 urtetik gorakoei gomendatuta dago, eta parte hartu nahi duenak Busturian
autobusa har dezake, edo Aldeacuevan bertan gainontzeko kideekin bat egin dezake, bere
autoan joatea nahiago badu. Ekintzan, Enkarterrialde landa garapen elkarteak parte hartu
du baita ere, eskualdeko bulego 21eko kudeatzaile gisa.

Sei kilometroko ibilbidea eta gero, autobusa Busturia aldera abiatuko da, 14:30ak aldera,
Madariaga dorrera itzultzeko. Parte hartu nahi duenak izen-eman beharko du, aurrez, 94
687 04 02 telefono zenbakira deituta edo info@torremadariaga.org helbide elektronikora
idatzita. Autobusez joatea erabakitzen dutenek 15 euro ordaindu beharko dute, eta
topagunera eta bisita gidatuaren hasierara zuzenean joaten direnek, berriz, 2 euro.
Karrantzako haraneko naturaz gozatzeko, irteera honi buruzko informazio osoa eskura
duzu www.torremadariaga.net, www.al21.biz edo Facebook-eko “AL Enkarterri”
helbideetan.

Euskadiko Bioaniztasun zentroak eta Enkarterri@alde21 eskualde bulegoak herritar
guztiak gonbidatzen ditu, Karrantzako hezeguneetan egingo den bisita gidatuan parte
hartzera, Bizkaiko natura eta paisaia aberastasuna ezagutzeko, orokorrean,eta
Enkarterrietakoa, bereziki.