Albisteak

 
Nahi dudalako! leloa ardatz hartuta, Enkarterriko Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Bizkaiko hainbat Udalekin batera abian jarriko du Batxilergoan eta Lanbide Heziketan euskarazko ikasketak sustatzeko kanpaina.

Ekimen honen hartzaileak DBHko (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako) 4. mailan euskarazko ereduetan ikasten ari diren gazteak dira. Gazte horiei ondorengo urteetan ere ikasketak, Batxilergokoak zein Lanbide Heziketakoak, euskaraz egiten jarraitzeko informazioa emango zaie Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako ikastetxeetan.

Informazio hori guztia kanpainarako beren-beregi prestatu den www.nahidudalako.com web gunean topatu ahal izango dute. Bertan, Bizkaiko 10 eskualdeetako datuak bildu dira: euskaraz ikasteko aukera eskaintzen duten ikastetxeen datuak, euretara heltzeko garraiobideak eta bestelako datuak. Gainera, unibertsitateko eskaintza zein den ikusteko aukera ere badute gazteek. Horrekin batera, DBH amaitu eta euskara ikasten jarraitu duten hainbat gazteren testigantzak ere jaso ditugu web gunean. Bada, testigantza horietan, gazteek zergatik ikasi duten euskaraz eta horrek zer onurak ekarri dizkien azaltzen dute.

Gainera, web gunean sartu eta inkestari erantzuteagatik sariak eskuratu ahal izango dituzte, hola nola, tableta, Nintendo 3 DS eta multi-abentura irteera bat. Parte hartu ahal izateko Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako batean erroldatuta egon beharko dute.

Horrekin batera 1998an jaiotako gazteen gurasoei gutuna bidaliko zaie, adin horretan gurasoek ere zeresana izaten baitute gazteek hartu beharreko erabakian. Guztira, 160 bat gutun bidaliko dira.
Bestalde, kanpainari lotuta, ikasleentzako hainbat hitzaldi antolatuko dira. Euretan euskaraz ikastearen garrantzia nabarmendu eta www.nahidudalako.com web gunean zer aurkituko duten azalduko zaie gazteei.

Mankomunitateak lau hitzaldi antolatuko ditu: martxoaren 12an, Karrantzako Kultur Etxean Aitor Murgia ekonomialaria izango da eta lan merkatuari buruz hitz egingo die. Karrantza BHI eta San Viator Ikastetxeko ikasleak batuko dira bertan. Martxoaren 17an Sodupeko Kultur Etxean Jon Gomez abeslaria eta aurkezlea izango da Gueñes BHI eta Avellanedako ikasleekin; azkenik, martxoaren 25ean Aitor Murgia izango da Zallako Kultur Etxean hitzaldi bi emateko Zalla BHI eta Maristas ikastetxeetako ikasleei.