Albisteak

 

Beste urte batez, Enkarterriko Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Udaleku Irekiak antolatu ditu, ume euskaldun edota eredu euskaldun batean ikasten dutenen artean euskararen erabilera sustatzeko asmoz.

Euskararen erabilera aisian urte osoan lantzen saiatzen gara Mankomunitateko Euskara Zerbitzuan, baina, udan hartzen du protagonismo handiena. Izan ere, ikasturtea amaituta, haur eta gazteek aisialdiaz gozatzeko tarte handiagoa izaten dute, baina, aukera gutxiago euskara entzuteko eta erabiltzeko, etxean gehienek senide euskaldunik ez baitute. Horregatik, gurasoei jakinarazi nahi diegu oso garrantzitsua dela uda garaian haurrei euskaraz aritzeko aukerak eskaintzea. Hutsune hori betetzeko, azken urteetan bezala Udaleku Irekiak izango ditugu.

Ekintzak ekainaren 30etik uztailaren 1era egingo dira eta goizez, 10:00etatik 14:00etara. 350 pertsonentzako lekua egongo da, gehienez. Beti bezala, ume gehiagok izena ematen badute plazak zozketa baten bitartez esleituko dira ekainaren 9an. Parte-hartzaileek hainbat baldintza bete beharko dituzte:

  • 2002-2007 urteetan jaioak izan.
  • Mankomunitatea osatzen duten udalerriren batean erroldatuta egon.
  • Euskarazko ereduetan ikasi.

Aurreko urteetan bezala, lau gune osatuko ditugu: Zalla, Sodupe, Sopuerta eta Karrantza. Lau gune horietan Mankomunitatean dauden 9 udalerrietako umeek parte hartu ahal izango dute. Beste udalerrietako umeak eraman eta ekartzeko autobusak jarriko dira.

Oso eskaintza erakargarria daukagu aurten ere, eta umeek askotariko ekintzak egiteko aukera izango dute, gehienak kanpoan egitekoak: Kanoak eta ibilbide mitologikoa Urdaibain, zaldiak eta rappel eta tirolina Kadagua ibaiaren jaiotzan, akanpada eta tailerrak produktu ekologikoak egiteko, bizikletaz edo patinez bide berdeetatik, surfa Plentzian, igerilekuak... Dena den, lehentasuna euskara bultzatzea da eta horretarako udalekuen zehar euskararen erabilera bultzatzeko beren beregi prestatutako ekintza orokorra eta jarraitua egingo da.

Izena emateko epea maiatzaren 21ean hasi eta ekainaren 1ean bukatuko da. Iazko ildo beretik matrikula banaka edo taldeka egin ahal izango da. Taldeko 3 neska/mutil gehienez, eta urte berekoak izan beharko dira denak. Neba-arrebak badira, gehienez, urte bateko aldea eduki ahal izango dute. Plaza lortzeko orduan, aukera berdintasuna bermatzearren, ume bakoitzeko eskaera-orri bakarra onartuko da eta taldea unitatetzat hartuko da zozketa egin behar izatekotan.

Propaganda eta izena emateko orria eskoletan banatu da eta Kultur Etxe edo liburutegietan izango dute eskuragai. Behin matrikula orria beteta, Mankomunitatean edota udalerrietako Kultur Etxe edo Liburutegietan utzi beharko da. Aurten ere matrikula on-line egiteko aukera izango dute udalekuetarako prestatutako web orrian bertan: http://enkarterrikoudalekuak.com/inskripzioa. Web orri horretan udalekuei buruzko informazioa egongo da eta udalekuak egiten diren bitartean ateratzen diren argazkiak eta jarduerei buruzko komentarioak eskegiko dira. Beraz, informazio gehiago nahi izatekotan www.enkarterri.org edota www.enkarterrikoudalekuak.com web orrietan topatu ahal izango dute.

Kartela (PDF 2,65MB)

Liburuxka (PDF 3,74MB)

Eskabide-orria (PDF 976KB)