Albisteak

 

Aurreko hamar urteetan bezala, Enkarterriko Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Aisialdiko Begirale Ikastaroa antolatuko du 18 urtetik gorakoentzat edo ikastaroan zehar 18 urte betetzen dutenentzat. Ikastaroa azaroan hasi eta maiatzean bukatuko da. Izan ere, 200 ordu teoriko eta beste 120 ordu praktiko dira. Amaitzean parte-hartzaileek Eusko Jaurlaritzak homologatutako Begirale Titulua eskuratuko dute.

Eskola teorikoak ostiral arratsaldeetan eta larunbatetan izango dira eta lau asteburu osoko egonaldiak ere egingo dira aterpe batean, eman behar diren 200 ordu teorikoak osatzeko.

Ikastaroaren helburuen artean honakoak aipatu ahal dira: aisialdiko begirale izateko trebetasunak eta ezagupenak lantzea, aisialdiko ekimenetan Euskara eta Euskal kultura uztartzeko bideak jorratzea, etab. Horretaz gain, gazte horiek Mankomunitateak duen Aisialdiko begirale euskaldunen zerrendan sartuko ditugu eta aukera izango dute parte hartzeko Mankomunitateak antolatzen dituen aisialdiko ekintzetan (tailerrak, udalekuak,…). Izan ere, begirale eta ume-gazteen artean euskara erabiltzeko ohitura sustatzea da gure helburu nagusia; eta begiraleak herrikoak edo eskualdekoak izanda errazagoa izango da harreman horiek sortzea eta eguneroko jardunean horiei eustea.

Matrikulazio epea irailaren 10etik 22ra arte izango da. Informazio gehiago lortzeko edo izena emateko Mankomunitateko Euskara Zerbitzura jo. (euskera@enkarterri.org /tel.:94 667 18 51).

Behin-behineko egutegia (PDF 324KB)

 Kartela ikusi (PDF 2,47MB)