Albisteak

 

Enkarterriko Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak bosgarren urtez banatu ditu Bizkaiko beste 13 udalerrirekin batera egindako Eskola Agendak, berori osatzen duten udalerrietako ikastetxeetan. Egitasmoa Alkarbidek, Bizkaiko euskara zerbitzuen bilguneak koordinatu du.

Euskal kultura sustatzea eta ikasle, guraso eta ikastetxeen arteko harremana euskaraz izatea dira agenda honen xede nagusiak. Ikasturte honetako agendak txoriak ditu protagonistak. Izan ere, txoriak protagonista dituzten ipuinok irakurriz une atsegina igarotzeaz gain, txorien ezaugarriak ezagutu eta Bizkaiko hainbat herri eta txoko esanguratsutara bidaiatzeko aukera izango dute etxeko txikiek.

Hilabete bakoitzean ipuin bat agertzen da eta bere ondoan etxean zein ikasgelan lantzeko hiru-lau jolas edo ariketa. Horrekin batera, aste bakoitzean esaldi bat irakurri eta hilabete horretako txoriaren ezaugarri gehiago ezagutzeko aukera ere eskaintzen du agendak.

Agenden barruko egiturari dagokinez, etxeko lanak, guraso eta irakasleen arteko oharrak eta beste hainbat kontu idazteko lekua daukate. Horretaz gain, gurasoen eskaerei jarraituz, irakasleentzako oharrak zelan idatzi azaltzen duen atala ere jasota dago agendan. Horren bidez, euskaraz idazteko ohiturarik ez dutenei edota zalantzak dituztenei ohar errazak euskaraz idazten lagundu nahi diegu.

Ikasturte honetan, Mankomunitateak 1.235 ale banatu ahal izan ditu Lehen Hezkuntzako ikasleen artean ikastetxeen edota ikasleen ekarpenari esker.