Albisteak

 

Teknologia berriek eta sare sozialen erabilerak gazteen eguneroko jardunean duten garrantzia ikusita, Enkarterriko Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak ERRONK@RTERRI egitasmoa jarri zuen martxan orain bi urte. ERRONK@RTERRI lehiaketa bat da, sareko ginkana bat, hain zuzen. Eta bere bitartez euskarak sarean dituen zenbait baliabide eta aplikazio gazteen artean ezagutarazi nahi ditugu.

Oraingoan ere heldu diogu ginkanari, baina berrikuntza batekin: Balmasedako Udaleko Euskara Zerbitzuak ere hartuko du parte. Modu honetan egitasmoa Enkarterri osora zabalduko dugu eta horrela gazte gehiagok izango du bertan parte hartzeko aukera.

Aurtengo egitasmoaren bidez sarean dauden euskarazko aplikazio  eta programa hauek,  Jakina! Euskal tribiala, Hitzokei, Euskalapps eta euskarazko wikipedia ezagutaraziko dizkiegu eta aldi berean sare sozialak erabiliko dira programaren parte-hartzaileekin harremanetan jartzeko. Urriaren 20tik aurrera, bost proba gainditu beharko dituzte parte-hartzaileek denbora tarte batean eta emaitza erronkarterri@gmail.com helbidera bidali beharko dute.

Parte hartzeko behean agertzen diren sare sozialetan sartu, facebook eta tuentin, hain zuen; eta izena eman beharko dute.

Hortik aurrera, proba bakoitzaren azalpenak parte-hartzaileek aukeratu duten sare sozialaren bidez jakinaraziko zaizkie. Azkenik, goiko helbide horietako batean sartu eta proba guztiak egiten dituztenen artean multiabentura ekintzak egiteko egun pasa zozketatuko da.