Albisteak

 

Azaroaren 1erako Turtzioz udalerriak Gazta Egunaren XV. edizioa antolatu du, eta, izenak berak dioen bezala, gazta da azoka horretako protagonista nagusia. Turtziozko Udalak programatutako hitzordua erabat finkatuta dago Enkarterrin; izan ere, eskualde honetako ekintza-egutegian ezinbestekoa da. Azoka goizeko bederatzietan hasiko da gutxi gorabehera eta guztira berrogei erakusmahai egongo dira aurten.

Horietan, nekazaritzaren inguruko hainbat produktu erosi eta dastatu ahal izango ditugu, besteak beste, euskal pastela, ogia, hestebeteak, foiea, eztia, barazkiak eta gazta, jakina. Gainera, azokan artisautzaren inguruko erakusmahaiak ere egongo dira, eta, esan bezala, hainbat gazta mota. Horrela, eguerdiko hamabietan Idiazabal gaztaren ohiko lehiaketa egingo da.

Ordu erdi geroago eta bertako Udalak zein Turtziozko Jai Batzordeak antolatuta zaldi dema egingo da. Azoka gutxi gorabehera eguerdiko hirurak arte egongo den arren, ordu bietan sariak banatuko ditugu. Bestalde, Enkarterri eskualde, Bizkaiko beste zenbait toki eta Euskadiko ekoizleek jarriko dituzten erakusmahaiez gain, azokan txosna bat ere egongo da, bai eta ingurunea alaituko duen musika ere.

Azoka erdigunean egingo da, batik bat, Esteban Terreros y Pando kalean zehar. Horrela, goiz osoan zehar gure udalerriko txikinenek Armañon aisialdi taldeak antolatutako ekintzez gozatu ahal izango dute. Udalerria obretan egon arren, ez dago aparkatzeko inolako arazorik; beraz, norberaren ibilgailuan etor daiteke.

Beste behin Udal honen eskutik Gazta Eguna Turtziozera azaroaren lehenengo egunean helduko da, Domu Santu egunarekin bat eginez. Horrenbestez, jaiegun horrek aukera emango digu Enkarterrin finkatuta dagoen azoka honetara hurbiltzeko. Hori dela eta, Udalak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu astelehenean Turtziozera etortzera eta azokara datozela aprobetxatuta Enkarterriko udalerri hau bisitatzera.