Albisteak

 
Azken urteetan egindako lanarekin jarraituz, aurten ere abian jarri du Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak D bitamina. Aberastu bere heziketa kanpaina. Mankomunitatearekin batera Bizkaiko beste 24 udalerrik hartu dute parte 2014-2015 aurrematrikulazio kanpaina honetan.

Horren helburua umeak eskolan lehen aldiz matrikulatzen dituzten gurasoei D ereduari buruzko informazioa ematea eta eredu hori aukeratzeko arrazoiak azpimarratzea da. Guztira, 210 familiak, 2012an jaiotako umeren bat dutenek, hain zuen jaso dute informazio hori urtarrilaren hasieran.

Kanpainaren osagarri nagusiak lau dira: gutuna, gutunazala, oparia eta inkesta. Mankomunitateko presidenteak sinatutako gutunean, euskarazko ereduetan ikasteak dakartzan abantailen berri ematen da. Gutunazalaren beraren barruko aldean, D eredua aukeratzeko arrazoiak agertzen dira. Nahiz eta gutuna gurasoei zuzenduta egon, umeei opari bat egiten zaie: kanpainaren leloa idatzita duen neurgailua. Eta iaz lehenengo aldiz sartu zen inkesta bat, gurasoek kanpainari buruz duten iritzia eta gaiaren inguruan dituzten kezkak eta zalantzak jaso ahal izateko. Inkesta betetzen dutenen artean euskarazko produktuen sorta zozketatuko da

Aurrematrikulazio epea otsailaren 3an hasi eta 14an amaituko da. Eskaera internet bidez eginez gero, epea otsailaren 13an amaituko da.

ALKARBIDE bilguneak koordinatu du ekimena eta guztira 7.000 liburuxka inguru banatu dira.

Eskuorria (PDF 159KB)

Inkesta (PDF 141KB)