Albisteak

 

Futboleko kirol Teknikaria 1.maila

Futbola, oinarritik euskaraz izeneko egitasmoari lotutako eskuliburua futbol arloko entrenatzaileak euskaraz prestatzeko argitaratu den lehen material didaktikoa da. Entrenamenduak euskaraz egiteko terminologia eta jarraibideak biltzen ditu eta Bizkaiko Futbol Federakundearen mendeko Entrenatzaileen Eskolak erabiliko du datorren urtean laguntza material gisa futbol entrenatzaile izateko titulu ofiziala erdiesteko ikasketetan.

Aipatutako argitalpenak sei kapitulu ditu, gai komun edo atal teorikoa jorratzen dituztenak:

(1) oinarri psikopedagogikoak
(2) lehen sorospenak eta higienea
(3) kirolaren antolamendua eta legeria
(4) kirol-entrenamendua
(5) oinarri anatomikoak
(6) oinarri soziologikoak

Helburuak

Azken 30 urteotan egindako bideari jarraiki, ekimen hau biziki garrantzitsua da euskara gizarteratu eta kirolera hurbiltzeko, futbol arlora hain zuzen ere.

Hortaz, Futbola, Oinarritik Euskaraz egitasmoaren xedea da Bizkaian futbolean egunero aritzen diren milaka ume eta gazteri euskaraz egiteko aukera eskaintzea, kirol mota horretan berariazko prestakuntza duten entrenatzaileen bitartez.

Horretarako, azaldutako materiala dela medio, Bizkaiko Entrenatzaile Eskolak futboleko entrenatzaile titulu ofiziala eskuratzeko ikasketak (1. maila) euskaraz eskainiko ditu.
2013/2014 ikasturtetik aurrera

Diruz lagundutako prestakuntza

Gutxieneko baldintza batzuk betetzearen truke, euskaraz ikasten dutenek ordaindu beharreko matrikularen erdia, gutxienez, diruz lagunduko du Bizkaiko Foru Aldundiak. Gainera, entrenatzaile titulua euskaraz ateratzen dutenekin lan-poltsa osatuko da kirol merkatura errazago bideratzeko.

Aurrematrikula

Uztailaren 1ean hasi zen eta irailaren erdialdera arte egongo da zabalik, behin betiko onartutakoen zerrenda irailaren amaieran argitaratuko dute.
 
Ikastaroari buruzko informazio gehiago (ordutegiak, beharrezkoa den titulazioa…)
http://www.entrenadoresbizkaia.com/pub/servicios.asp?idioma=eu

Izen-emate orria:
http://www.entrenadoresbizkaia.com/pub/matricula.asp?idioma=eu&IdC=163