Ondarea

La Puente dorretxea 
Zubi nagusiaren ondoan dago, Balmaseda eta Guriezo lotzen zituen errege-bidea ibai gainetik igarotzen zen lekuan.
Oinplano karratuko eraikina da eta badirudi bertako hormak behin baino gehiagotan berritu dituztela. XVII. mendean aurrealderantz handiagotuz joan zen eta zubira ematen duen fatxadaren zati bat garai hartakoa da. Alde horretan, horma-atalaren zati handi bat dago oraindik, hareharrizko harlanduzkoa eta zulorik gabea; hortxe baldarki eginiko armarria dago, XVII. mendeko kaligrafiako honako inskripzioak orlatua: <<No pasar La Puente me puse a la muerte>>, Traslaviñako elizan (Artzentales) dagoenaren antzerakoa. Oinaldean, antzeko beste inskripzio bat dago: <<Estas son las armas de La Puente y su apellido>> eta horren alboan, etxearen harlanduetan, XVIII. mendearen hasierako Salamancako kolegio-elizari buruzko laudorio-inskripzio bat ageri da.