Ondarea

Pando dorretxea 

Pando dorretxea arkitektura zibileko eraikina da eta jatorrian zuen eraikuntza militarraren izaera hoberen gordetzen duena, nahiz eta elementu militar asko galdu dituen bizigarritasunaren onerako.

 
Pando auzoan dago eta ia-ia eraikin kubikoa da erabat, harlangaitzezko hormak eta harlanduzko eskantzuak dituelarik.


Ibarrean dago kokatuta, burdinola eta errota zeuden ibaitik oso hurbil. Oinplano karratukoa da, harlangaitzezko horma lodiak ditu eta eskantzuak hareharrizko harlanduekin sendotuta daude; XV. mende amaierako aparailua.


Aztertu ditugun agirietan, dorretxea maiorazgo batena zela aipatzen da, Puente familiaren adar batena, hain zuzen ere, dorretxeaz gain beste ondasun garrantzitsu batzuen jabea zena, esaterako, Pando burdinola. Noizbait dorrea deitu bazaio ere, berez dorretxea da, eta XVIII. mendean zehar luzaro aritu ziren auzitan honen jabetza eskuratzeko.